XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Besteen gaiztakeria eta sarraskiak, benetakoak edo ustezkoak, norbere burua ederresteko eta harrotzeko erabiltzearena, kontzientzia ona mantentzeko teknika unibertsala bihurtu da.

KONTZIENTZIA TRAJIKOA

Kontzientzia, ekintzak epaitzeko eta aukeratzeko gizakiak duen ahalmena, zalantzazkoa, zaila, trajikoa da beti.

Kontzientziak argitzen du ekintzaren ingurunea, egin zitekeenaren eta egin denaren arteko aldea, eta egin ezin denaren eta egin daitekeenaren artekoa.

Kontzientzia ekintzaren ondorioa da, baina ekintzaren arrazoia eta ekintzaren eragilea ere bai.

Epikan, gizakiak erabateko onaren eta txarraren artean aukeratzen du, bi aldeok zeharo berezirik daude eta onak txarra bentzutzean soluzionatuko da arazoa.

Trajedian, ostera, on desberdinen artean aukeratu behar da, onak txarrekin nahastuta etorriko dira, aukeratu beharra bera ere mingarria izanen da, sakrifizioak ezinbestekoak izanen dira eta, soluzioan, irabazleak ere zeozer galduko du.

Prometeo, heroe trajikoak, egin behar duenaren kontzientzia du; Prometeo izenak horixe adierazten bait du, Epimeteo anaia inkontzientearen izenaren aldean.

Baina egin behar denaren kontzientzia izateak ez du esan nahi zer gertatuko den dakienik, arriskuaren kontzientziarekin, hoberenaren bila egindakoaren ondorioak edozelan ere ustegabekoak eta lazgarriak izan daitezkeelako.